Murua

Ericeirako (Portugal) Munduko Surf Erreserbaren 10 urteen inpaktuaren azterketa

Abiapuntua
2011ko urriaren 14an, Save the Waves Coalition gobernuz kanpoko erakundeak Munduko Surf Erreserba izendatu zuen Ericeira.

Munduko Surf Erreserben helburua da olatuak eta kostaldeko lurraldeak zaintzeko eredu bat garatzea, surfak pisu berezia duen komunitateetako ingurumen, kultura eta ekonomia arloetako ezaugarri nagusiak babestuko dituena. Munduko Surf Erreserbak tokiko komunitateek ezarri, administratu eta babesten dituzte, erakundeen partaidetza eta lankidetza sustatuz.

Ericeira Munduko Surf Erreserba izendatu zutenetik 10 urte igaro zirela ospatzeko eta surfaren eta jasangarritasunaren arteko harremana indartzeko, Ericeira Surf Clube elkarteak Europako Batzordeak finantzatutako “EriceiraWSR+10” proiektua gauzatzeko baimena jaso zuen. “EriceiraWSR+10” proiektuaren barruan, Erreserba izendapenak eta surfaren fenomenoak lurraldean eragindako inpaktuak aztertuko zituen talde bat koordinatzeko kontratatu gintuzten.

Azterketa eta ondorioak
Lanak lau alderdi handi aztertzen zituen: soziala, ekonomikoa, ingurumenekoa eta Ericeiraren irudia.

Azterketaren konplexutasuna zela eta, zenbait arlotako profesionalak behar genituen, eta diziplina anitzeko talde bat osatu genuen.

Universidade da Beira Interior eta Instituto Nacional de Educação Física da Catalunha erakundeetako bi akademiko ere sartu genituen taldean. Haiek arduratu ziren ebaluaziorako prozesu metodologiko guztia aztertzeaz eta baliozkotzeaz.

Inpaktuaren azterketa garatzeko, ikerketa metodologia misto bat erabili da: batetik, metodo kuantitatiboak, estatistika deskriptiboko baliabideekin, eta bestetik metodo kualitatiboak, hala nola elkarrizketa erdiegituratuak eta azterketa bibliografikoak. Gizarte zientzietan finkatuta dagoen estrategia metodologikoa da.

Aztertu beharrekoa mugatzeko, analisi eremu batzuk identifikatu ziren a priori, lurralde bakoitzean kirolak duen eraginari buruz aztertutako bibliografiatik abiatuta.

Turistei eta bertakoei egindako inkestak ere informazio baliotsua ematen zigun azterlanean baloratu beharreko beste gai batzuei buruz: higiezinen prezioak, turistifikazio prozesuak, turisten eta bertakoen arteko gatazkak, prezioen gorakada eta bertakoen eroste ahalmenaren geldialdia, etab.

Hala, hainbat esparrutako kostu eta onura potentzialetatik abiatzen ginen. Ikerketak horiek ebaluatzea izan zuen helburu, eta lurraldean izandako eraginen irudi integrala ematen saiatu zen.

Emaitzak

Ericeira Surf Clube, Câmara Municipal de Mafra eta Save the Waves Coalition erakundeek ezagutza baliotsua dute Munduko Surf Erreserbak Ericeirako lurraldean izan duen inpaktuari buruz. Azterketa integral bat da, barne hartzen dituena inpaktuaren alderdi ugari. Era horretara, azterketak ikerketa sektorialen mugak gainditu ditu, eta herritarrentzat eta tartean diren eragileentzat oinarrizkoak diren zenbait auziri erantzuten saiatu da.

Era berean, azterketak zenbait gomendio biltzen ditu, bai Ericeirarako, baita gainerako Munduko Surf Erreserbetarako ere. Inplikatuta dauden eragile guztientzat interesgarriak iruditzen zitzaizkigun zenbait punturi buruzko gomendioak dira: Erreserben ebaluazio eta jarraipenerako sistema baten diseinua, kudeaketa proposamenak, ingurumena babesteko araudiak edo Erreserbetako dinamizazio eta partaidetza soziala.

Deskargatzeko dokumentuak

Impact Study: 10 Years of Ericeira’s World Surfing Reserve
Impact Study of the 10 Years of the World Surfing Reserve in Ericeira | Recommendations for other World Surfing Reserves and the World Network of Surfing Cities

Estudo de Impacto dos 10 Anos da Reserva Mundial de Surfing na Ericeira
Estudo de Impacto dos 10 Anos da Reserva Mundial de Surfing na Ericeira | Recomendações para outras Reservas Mundiais de Surfing e Rede Mundial de Cidades de Surf