Murua

Ermuko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Plan Estrategikoa

Abiapuntua
Ermuak urteak daramatza berrikuntzaren aldeko apustu irmoa egiten. Badira hainbat urte Red Innpulso –  Zientzia eta Berrikuntzaren Hirien  Sareko kide dela. Hori funtsezko abiapuntua zen hiriko kirol ereduaren plangintzarako. Kirol politika ez da mugatzen praktika sustatzera. Kirol politika hiri berritzailea sortzeko oinarrizko elementu bat da.

Azterketa eta ondorioak
Ermuko Udal Kirol Erakundeak bilduta zeuzkan datu eta adierazle ugari eta kalitatezkoei esker, kalitatezko azterketa egin ahal izan genuen. Gainera, plan estrategikoetako ohiko adierazleetako asko sartuta zeudenez UKEren Aginte Taulan, planaren azterketak hain ohikoak ez diren beste alderdi batzuetan sakondu ahal izan zuen.

Era horretara, hiriko kirol praktikaren azterketak pisu handia izan zuen. Ermuko kirol instalazioen eta ekipamenduen inpaktuan sakondu genuen. Garrantzitsua zen, halaber, herritarrek hiriko nahiz ingurune naturaletako espazio publikoetan egiten dituzten praktika fisikoak eta kirol praktikak aztertzea. 2012an, Ermuko Udalak Ermua Mugi ekimena sustatu zuen, tokiko estrategia komunitario bat, herritar guztiek bizi estilo aktibo eta osasungarriak har ditzaten, modu eraginkor eta jasangarrian. Plan honetan, ekimenaren hamar urteko ibilbidea aztertu genuen, eta hobekuntza posibleak bilatzen saiatu ginen.

Estrategiak eta proiektuak

Klubekin, kirol ekosistemako eragileekin, zenbait udal arlorekin eta herritarrekin lan saio ugari egin genituen partaidetza prozesuaren baitan, eta esku hartzeko proposamen asko diseinatu ziren.

Esku hartzeko proposamenak lau eremu estrategiko handitan antolatu ziren. Eremu estrategiko horiek egituratzen dute, hain zuzen, Ermuko Hiri Agenda:

LURRALDEA:  Ermuan aplikatutako hiri aktiboaren ereduarekin lotutako proiektuak, garrantzi handia ematen dietenak ingurune irekietan egiten diren jarduera fisiko eta kirol praktika askeei. Egungo kirol instalazioen errealitatea ere barne hartzen dute, noski, eta horien jasangarritasuna eta irisgarritasuna lortzeko zenbait ekintza planteatzen dituzte.

GIZARTEA: Berdintasun, ekitate eta elkarbizitza ildo argiak dauzkaten proiektuak. Era berean, helburu zehatzak dituzte Udaleko Kirol Alorrerako eta osasun arlorako, eta Ermua Mugi proiektuaren aldeko apustua egiten dute.

EKONOMIA: Ermuan kirol arloan berrikuntza dinamika sortu nahi duten proiektuak.

GOBERNANTZA ADIMENDUNA: Kiroletako udal eredu berri baten gobernantzarako bide-erakusle izan nahi duten proiektuak; eredu berri horretan, Udaleko Kirol Alorra dinamizatzailea edo bideratzailea izango da. Datuen kudeaketa eta barne nahiz kanpo ezagutzaren sorrera eremu honen funtsezko lerroak dira.

Emaitzak
Plan Estrategikoa udalerriko kirolaren gidaliburua izango da Ermuko Udalarentzat datozen urteetarako. Plana erabat txertatuta dago hiriko estrategian, eta bat egiten du Ermuko Hiri Agendarekin, bai forman, bai edukian.